Bidean Topatu(ko) gara

2020-02-27
Tristuraz jaso genuen aurreko igandean Topatuko kideek eman ziguten berria, proiektuak 10 urte betetzen dituen honetan ibilbideari amaiera emango diote. Erabaki zaila bezain ausarta izan da, hobetzeko anbizioz hartu dena.

Hausnarketa fase luze bezain sakon baten ostean, proiektuak berak egun gazte mugimenduak dituen behar komunikatiboak asetzen ez dituela ondorioztatu da, oinarriak duela hamar urteetako errealitatearen gainean eraikiak daudelako. Egia da azken urte hauetan lar aldatu direla komunikatzeko forma zein moldeak, eta gazteoi ahotsa emango digun proiektu komunikatibo batek ezinbestean kontuan hartu behar du eraldaketa hori. Horregatik, erabakia heldutasunez, proiektuarekiko errespetuz eta koherentziaz hartu dela uste dut, txalogarria den hausnarketa fase baten ostean. 

Badakit itxierak ez direla batere errazak, baina bizitako guztiak bihotzean gorde eta bidean aurrera egiteko unea da. Faltan botako dugu Topaturen mikroa ikusi orduko sabelean sentitzen genuen urduritasun hori, nahiz eta gero kriston ilusioa egiten digun gure buruak bideo zein argazki galerietan ikusteak. Guztion artean egin dugu Topatu, gutariko bakoitzaren txikitasunetik proiektu erraldoi eta koloretsu bat eginez. Plazer bat izan da honen parte izatea, blog xume baten bitartez nire aletxo txikia jarriz. 

Beraz, eskerrak ematea besterik ez zaigu falta. Mila esker gazte borrokaren bozgorailu izateagatik, gazte subjektu poliedrikoaren aurpegi bakoitzaren alde egindako apustuagatik eta Euskal Herriko periferiak erdigunean kokatzeagatik. Guk herriz-herri, auzoz-auzo eta ikastetxez-ikastetxe lanean jarraituko dugu, gure proiektuekin aurrera eginez. Espero dugu gutxi barru zuen berri izatea eta bidean elkar topatzea, beso zabalik hartuko zaituztegu. 

Zuekin berriz lehertzeko irrikitan gaude, gero arte Topatu!