Gulabi gang (sari arrosak)

2016-04-04
Indian, hamar minututik behin emakume bat desagertzen da, eta 22 minututik behin emakume bat bortxatzen dute. Azken 40 urteetan emakumeenganako indarkeria sexista, bortxaketak batez ere, %1250ean igo dira.

2013. urtean soilik, 33.707 kasu “ofizial” egon ziren. Gainera, 2005 eta 2006 urteen artean gobernuak egindako galdeketa baten ondoren, gizonezkoen %51 eta, emakumeen %55ak onartzen dute etxeko biolentzia kasu batzuetan onargarria izan daitekeela. 

Datuen inguruko informazio gehiago: bbc.com


Egun batean, Bundelkhanden Uttar Pradesh Indiako Iparraldean kokatzen den zonaldeko emakume batek gizon bat bere emaztea gogor jipoitzen ikusi zuen. Emakumeak, Sampat Pal Devi izenekoak, arnas hartu, eta zuzenean gizonarengana jo zuen, hari aurre egiteko intentzioarekin, baina gizonak bi emakumeak bortxatu zituen. Sampat Pal Devik ez zuen amorerik eman, eta hurrengo egunean, banbuzko makilekin eta beste bost emakume gehiagorekin bueltatu zen gizonarengana. Guztien artean jipoi ederrak eman zizkioten. 




Berehala zabaldu zen berria lau haizetara, eta Indiako emakume askok bat egin zuten Sampat Pal Devirekin. Ordutik, banbuzko makilekin agertzen ziren hainbat emakume talde agertu ziren emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Indian emakumeak saretzen eta elkartzen hasi ziren, aldarri bakar batekin: emakumeen eskubideen defentsa. 

2003. urtean, Sampat-ek, haren herrian, emakume langileak batzen hasi zituen kooperatibak sortzen hasteko, baina, auzokide eta familiarrekin zituzten liskarrak lausotzeko ere. Emakume hauek batzen hastean, haien senar biolentoen aferari konponbide bat bilatzen hasi ziren. Geroz eta ekintza oldarkorragoak aurrera eramaten hasi zituzten, eta emakume langileen babesa handiagotzen joan zen.

Horrela, 2006ko martxoan, sari arrosen armada sortu zuten. 25 soldadu guztira, eta 40 eta 60 urte tartekoak ziren (gehiengoak alargunak), ezberdintzen zituen sari arrosa hartu zuten uniforme gisa eta lathi, banbu makila, Indian borrokatzeko ohikoa dena, armatzat. Arrosa kolorea hautatu zuten, iraultzaren kolorea baita haientzako. 



Haien helburua emakume eta txiroak bortxaketez babestea da baina ustelkeriaren aurka eta giza eskubideen alde borrokatzen dute ere. Haien presentzia lurralde pobreenetan handiagoa da eta are gehiago nekazal guneetan. Indiako ohitura den haurren ezkontzen aurka ere bortizki egiten dute. 

Feministak dira: emakumeentzako eta emakumeekin lan egiten dutelako, emakumeen burujabetzaren alde lan egiten dutelako. Autodefentsa erraminta gisa defendatzen dute, haien kontra badoaz ez dutelako aurpegiaren beste aldea jarriko. 

Egun, ia 100.000 soldaduz osatutako armada daukate. Dominazio maskulinoaren aurka borrokatzen dute: alabei ikasteko eskubidea kentzen dieten eta ezkontzak haurrak direnean prestatzen dituztenen aiten aurka; emakume bortxatuei laguntza eskaintzen diete, baina baita txiro edota kasta baxuko jendeari ere. Herrietan dauden gobernuko ordezkarien aurka ere egiten dute, ustelak direlako, emakumeentzako lan eskaintzarik egiten ez dutelako eta lurraren jabetzen banaketa injustua egiten dutelako. 


Hauetariko emakume asko "ukiezinak" dira, Indiako kastarik baxuenekoak, alegia. Emakume hauek dira zapalkuntzarik bortitzenak jasaten dituztenak: ez dute ur edangarririk, elektrizitatearen mozketak jasaten dituzte, ezin dituzte lurrak landu eta pobrezia bizitzera kondenatuta daude. 

Talde honek, emakumeei babesa modu desberdinetan eskaintzen diete. Alde batetik, ekonomikoki autonomoak izan daitezen, baina batez ere, haien buruak bortxaketez defendatzeko konfiantza garatzen laguntzen diete. Esan beharra dago, Gulabi Gang, edo sari arrosen taldea, sortu zenetik, kargu asko dituela elkarte ilegala izateagatik eta emakumeen defentsan justiziaren kontrako ekintzak antolatzeagatik. 

Aipatzekoa da Indian izugarrizko oihartzuna izan duela talde honek. Hain izan da ozena, Bolliwoodek, Indiako zinema estudio komertzialak, ere bereganatu duela emakume hauen irudia. Hemen duzue trailerra ikusgai:

   

Emakume gazteak. Guk ez dugu pelikula osorik ikusi egia esan, Hinduz dago eta momentuz ez dugu menperatzen, kar kar! Beraz, helarazi nahi duten mezuari buruz ez dugu hausnarketarik egin, emakume gazte eta lirainen irudiaren gaia soilik mahai gaineratu nahi izan dugu. Orain dela gutxi, Euskal Herrian antzeko kasu bat izan genuelako, Angela Davisena hain zuzen ere. Hasiera batean ateratako kartel guztiek 20 urteko Angela gaztearen irudia zuten. Kasu honetan ez zen zinema estudio komertzial batek hartutako irudia izan, baizik eta herri mugimenduak hartutakoa. Beraz, ez da hemen bakarrik gertatzen den zerbait, sistema heteropatriarkarrak munduko edozein txokotan influentzia baduela argi erakusten ari da. 

Baina, zapalkuntza guzti hauen aurrean, beste behin ere, emakumeok autodefentsa aldarrikatuz kaleak hartu ditugu. Emakume langileak, txiroak, prekarioak eta helduak batu dira kasu honetan Indian, baina gutxika, mundu osora zabalduko den aldarria izanen da. Argi utzi nahi dugu, Bilgune Feministak ozen esan zuen moduan, gobernuek Afrikan, Ekialde Hurbilean, Ameriketan edo hemen, Euskal Herrian aldarrikatzen duten bakea ez dela gurea. Bakea ez da biolentzia bakar bat desagertzearen ondorio, eta are gutxiago, emakumeok egunero gure aurkako indarkeria jasaten dugunean, milaka modutan islatuta: begirada lizunak, babosoak, irainak, jipoiak… erailketa arte. 

Emakume hauek emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzte, zapalkuntza hirukoitza jasaten dutela esan dezakegu? "Ukiezina" edo beste kasta baju batekoa izatea hirugarren zapalkuntza izan daiteke? 

Zernolako irainak jasanen dituzte emakume hauek? Biolentzia, autodefentsa, aldarrikatzen dute Ghandiren lurraldean. Bakea izan ote zen Ghandik aldarrikatutakoa? 

Guk geure eskubideen defentsan borrokatuko dugu. Hasi gara bai, zapaltzen gaituen sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka nonahi batzen autodefentsa aldarrikatuz. Euskal Herriko emakume feministok hurrengo hitzordua Gasteizen daukagu, apirilaren 9an. PREST GAUDE!

INFO+ 

www.youtube.com/watch?v=xJjdbfVii-Q 

Web orri ofiziala: www.gulabigangofficial.in