“Aliatuak” edo…

2018-11-19
Gure inguruko mutil gazteak, militanteak, ezkertiarrak, jatorrak, lagunak… Askok zuzenean boikotatzen gaituzte, eta beste batzuk borroka feministaren “aliatutzat” dute bere burua. Baina… Zer gertatzen da Euskal Herriko gazte mugimenduko gizonekin?

Lubakitik, honi buruz hitz egitea tokatzen da. (Sentitzen dut). 

Jarrera matxistak dituzten mutilez inguratuta gaude, beraien pribilegioak aprobetxatzen dituzten militantzia-kideen ondoan egiten dugu lan, babosoak eta erasotzaileak dauzkagu gure borroka eremuetan: manifetan, kontzentretan, asanbladetan, txosnaguneetan… 

Atzo ikusi nuen Arrasateko kaleetan dauden karteletan eta pegatinetan “feminismo” hitza ezabatzeko ahaleginak egiten ari direla batzuk: Independentzia, sozialismoa eta kito. 

Eibarko kaleetan, bestalde, pintada bat agertu zen uda partean, ezkerreko gizon “militanteak” interpelatzeko. Ezkerreko “matxoak” eskuineko “matxoen” oso antzekoak zirela zioen. Mutil horien erreakzioen testigu izan nintzen, eta zalantzarik gabe, pintadak zioena konfirmatu nuen: beraien “gizonkeria” guztia agerian geratu zen. Sutan zeuden, sutan zegoen (emakumerik gabe) zeukaten Whatsapp taldea, pintada nork egin zuen bilatzeko sorgin ehiza abiatu zuten eta batzuk mehatxuak botatzera ere ausartu ziren. Egia da, aldea dagoela beraien artean ere, eta batzuk beraien jarrerak berrikusteko eta aldatzeko saiakera egiten duten bitartean, besteak berdin jarraitzen dutela. Hala ere, esan daiteke, jendarte honetan ezin garela fio eta denak direla matxoak kontrakoa erakutsi arte. 

Oso eroso egotera ohitu dira gazte mugimenduetako gizonak, nahiko lan izaten dugulako sistemaren kontra; elizaren kontra, gobernuen kontra, legeen kontra, kapitalismoaren kontra, kolonialismoaren kontra, hetero-arauaren kontra, hiltzaile edota bortxatzaileen kontra… Eta gazte mugimendura sartzeko astirik (eta nik askotan gogorik) ez dugu izaten. Ez da erraza, baina egin beharreko apustua da. 

Burura etortzen zaizkit borrokan pausu hori eman duten feministak; hor daude Haritz Varela salatu duten emakumeak, hor daude bileretan generoan oinarritutako botere harremanak salatzen dituztenak, hor daude… Eta gure eredu dira! 

Ez dugu nolanahiko gazte mugimendu baten parte izan nahi. Gure gerran ez dugu edozein nahi aliatu bezala. Ez dugu infiltraturik nahi. 

(“Baina denok ez gar…”, “baina okerragoak badaud…”, “Baina ez konparat…”, “baina feminaz…”) 

Aliatuek lanketa feminista egin beharko dute, edo ez dira aliatu izango!