:: EPAIKETAK

11-13 sumarioko auziperatuak epaiketa prestatzen ari dira

Topatu | 2019-05-09
Irailaren 16an hasiko da gutxienez hiru hilabete iraungo dituen epaiketa. Bertan, 47 pertsona epaituko dituzte: “Bost eta sei urte artean igaro dira Guardia Zibilak atxilotu gintuenetik; gutako batzuk espetxeratuak izan ziren, eta guztiok auziperatuak. Geroztik baldintzapeko askatasunean aurkitzen gara Espainiako Entzutegi Nazionalean epaituak izateko zain".

Epaiketaren data gainera datorkiela aipatu dute eta “buru-belarri” ari direla lanean: “kezkaz bizi dugu makroepaiketa honek suposa dezakeena, baina ilusioz eta indarrez beteta gaude gure aurkako ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre egiteko.”

Polizia auziperatu batzuen etxeetara joan dela azaldu dute, Espainiako Entzutegi Nazionalaren zitazioa ematera eta beste kasu batzuetan, komisariara deituak izan dira, zitazio hau bertan jasotzeko. Zuzenean jakinarazi diete irailaren 16an hasiko dela makroepaiketa.

“Epaiketa ondo prestatzeko beharrezkoak diren zereginetan murgilduak gaude jada (lekukoak, defentsari dagozkionak, azpiegiturak, garraio bitartekoak e.,a.). Bestetik, epaiketak suposatuko digun galera ekonomiko ikaragarria arintzeko moduak aztertzen ari gara. Eta azkenik, epaiketa honen bidegabekeria ikaragarria salatu, jasotzen ari garen elkartasun guztia antolatu eta epaiketa honen oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuz mobilizazio herritar indartsu bat abiatzeko prestaketak ere abiatu ditugu”, azaldu dute. Ekainaren 1ean Donostian egingo duten agerraldian emango dituzte xehetasunak.

Ingurukoen babesa ere azpimarratu dute auziperatuek eta babestuak eta zainduak sentitzen direla esan dute: “Asko eta asko izan dira gutako bakoitzak jaso dituen elkartasun keinuak, berdin gure familietan, koadriletan, lantokietan, parte garen kolektibo eta komunitateetan, mugitzen garen kaleetan eta bizi garen auzo eta herrietan. Elkartasun adierazpen bakoitzak gure gogo-bihotzak goxatu ditu.