:: FEMINISMOA

12.000 feministek hartu dituzte Gasteizko kaleak indarkeria matxistaren aurka

Topatu | 2016-04-09
Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, milaka lagunek egin dute protesta eraso sexisten aurka Gasteizko kaleetan. Manifestazioan zehar arrazakeria, kapitalismoa, heteroaraua eta feminizidioa salatzeko ekintzak egin dituzte, eta azpimarratu dute edozein erantzun dela zilegi indarkeria matxistari aurre egiteko.

Eguraldiagatik gorputzak hozten uzteko tarterik utzi gabe hasi du mobilizazio eguna feminista andanak. 11:30ean puntuan hasi da zumbarregaetoia Gasteizko Foru plazan. Mezu argiarekin eman diote hasiera dantza saioari: "Abestien letra matxistak ere erasoak dira, beraz, goazen erantzutera!". Lehen ordutik ikusi da gaurkoak baduela indar erakustaldia egitetik haratagoko helburua: indarkeria sexistaren aurpegi guztiak identifikatu eta ikusaraztea, ondoren erantzuna emateko.

  

Erantzunaren ildotik egin dute eguneko bigarren ekintza. Hamarnaka emakumek Alde Zaharreko kaleak hartu dituzte aurpegiak estalita eta jarrera indartsuarekin. Martxa hasi orduko pankarta izugarri bat bota dute eraikin bateko teilatutik lurreraino, Gauak eta kaleak gureak ere badirelako, beldurra aldez aldatuko dugu leloarekin. Ibilbidean zehar azkenaldian eraso matxistak izan diren karrikak markatu dituzte, eta ez diote une bakar batean ere utzi oihu egiteari. Erasotzaileei zuzendu zaizkie uneoro, argi utziz eraso orok erantzun kolektiboa izango duela.

   

Aldi berean, beste kalejira bat abiatu da Foru enparantzatik manifestazio nagusia hasi den Bilbo plazara, Perkuneskek girotuta. Bertan egin dute topo batukada erraldoiarekin; batera jo dute Euskal Herriko txoko desberdinetako hamarnaka batukadek.


ANIZTASUNAREN INDARRA

Martxaren buruak ezin hobeto erakutsi du zein izaera izan duen mobilizazioak. Parte hartu dute emakume heldu zein gazteek, gorputz anitzek, migranteek, bollerek, putek... Gutxitan, oso gutxitan izaten da aukera aldarri beraren bueltan horren kolektibo anitza ikusteko eta horrenbeste ahots entzuteko.

Lehen pankartak lelo orokorra izan du idatzita euskaraz, gazteleraz eta arabiarrez: 11 eraso, 12 erantzun. Zuen indarkeriak erantzuna izango du, feministok prest! Bigarrenean, aldiz, duela egun batzuk Bidarten (Lapurdi) eraildako Natalie Van Put ekarri dute gogora, eta errefuxiatuen eskubideen aldeko blokea izan da hirugarrena. Salatu dute Europar Batasuna ezikusiarena egiten ari dela emakume errefuxiatuak jasaten ari diren indarkeria matxistaren aurrean: "Bortxatuak eta jipoituak izaten ari dira egunero, eta errealitate hori ezkutatzen dute". Exijitu diote mugak ireki eta herritar ororen eskubideak errespetatzea.

Beraien atzetik joan dira goizean goizetik Gasteizko kaleetan amorrua azaleratzen aritu diren kaputxadun neskak autodefentsa feministaren aldeko aldarria eginez, eta, jarraian, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko emakumeen senide eta lagunak, erepresaliatuen argazkiak ondoan hartuta. Salatu dute kartzela bezalako instituzioek indarkeria matxista erreproduzitu besterik ez dutela egiten, eta preso egotea gogorra bada berez, emakumea izanda are latzagoa dela.

   

   


ARRAZAKERIA, KAPITALISMOA, HETEROARAUA ETA FEMINIZIDIOA

Migranteak, jatorri desberdinetako emakumeak, izan dira mobilizazioko protagonistetako batzuk. Martxa Artiumera heltzearekin bat, arrazakeriaren aurkako performancea egin dute: "Txina deitzen gaituzte, moroa, sudaka, beltza, etorkina... Baina harro gaude garenaz, eta guztiok elkarrekin eta aniztasunean lortuko dugu indarkeriari hortzak erakustea!". Errefuxiatuak bizitzen ari diren egoera ankerra ere salatu dute: "Esaidazu zergatik lur hau ez den nire etxea izango".

"Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala!" oihu eginez iritsi dira Corte Ingles parera, eta pegatinaz bete dituzte erakusleihoak. Ohartarazi dute kapitalismoak emakumeak esplotatzen jarraitzen duela, eta, patriarkatuari eskutik helduta doanez, menperakuntza hori bikoiztu egiten dela emakumeen kasuan, prekarietatea oraindik eta gehiago gordinduz. 

Metro gutxi batzuk aurrerago, elizaren atarian, heteroaraua salatzeko ekintza egin dute: elkar musukatzen aritu dira hamarnaka emakume, eta galdegin dute: "Eta, zu, zergatik zara heterosexuala?". Desira eta aukera guztien zilegitasuna, gorputz guztien plazera eta horiekiko errespetua aldarrikatu dute, eta sexualitate askearen alde oihu eginez jarraitu dute martxan.

Manifestazioa amaierara heltzear zela, EAEko Legebiltzarraren atarian, feminizidioaren aurkako ekintza egin dute. Indarkeria matxistak eraildako emakumeen hilotzak irudikatu dituzte lurrean odolez, eta beste behin gogora ekarri dute Euskal Herrian matxismoak eraildako azken emakumea, Natalie Van Put.

   

Ekitaldian, martxan zehar salatutako indarkeriak eraman dituzte oholtza gainera, horiek eta gehiago baitira hamaika erasoen parte. Horiekin batera, hamabi erantzunak ere mahai gaineratu dituzte, guztiak zilegitzat joz.

Antolatzaileek mobilizazio istorikoa izan dela adierazi dute Andre Mari Zuriaren plaza beteta ikusita. Abortatzeko eskubidearen alde Iruñean egindako manifestazioa izan da Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta gaur arte egin den arrakastatsuena, eta jakinarazi dute gaurkoak aurreikuspenak gainditu dituela. 2015eko udaran eta orduz geroztik salatu diren eraso sexistek gora egin dutela-eta, eremuz-eremu antolatu eta indarkeria molde ororen aurka egiten jarraitzera deitu dute.

IKUSI ARGAZKI BILDUMA HEMEN