:: GAZTETXEAK

2.275 sinadura bildu dituzte Deustuko Gazte Lokalaren alde

Topatu | 2018-02-10
Abenduan hasi ziren izenpedurak biltzen, eta aste honetan eman dizkiote Bilboko Udalari. Ondare Batzordeari eskatu diote txerta dezala XIX. mendeko eraikina berritze bidean dagoen HAPO-PGOUren Eraikinen Katalogoan.

2.275 sinadura bildu ditu Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataformak eraikina ez dezatela eraitsi eskatzeko. Izan ere, Bilboko Udalak Gazte Lokala eraisteko asmoa erakutsi zuen udazkenean, eta horren kontra mobilizazio ugari egiten ari dira Deustuko herritarrak azken hilabeteotan.

Sinaduren bitartez Gazte Lokalaren eraikina HAPO-PGOUren Eraikinen Katalogoan sartzeko eskatu diote Bilboko Udaleko Ondare Batzordeari. Azaldu dutenez, hain zuzen, herriari bizitza emateaz gain esanahi historikoa ere badu eraikinak: "Deustu independente izan zeneko Deustuko Udalaren azken eraikinak gaur egun arte egoera onean biziraun du eta Deustuk izaera herritar eta komunitarioa ez du erabat galdu".

Sinadurak sarean ere

Bildutako izenpedurak jada udalean erregistratu badituzte ere, sarean ere jarraituko dute sinadura gehiago biltzen, horretarako ireki duten blogean eta change.org plataforman