:: ERREPRESIOA

7.200 euroko isuna Askekintzako kideei, San Tomasetan txerria erakustearen aurka ekiteagatik

Topatu
Mozal Legea oinarritzat hartuta jarri diete isuna erresistentzia pasiboa erabilita ekintzan parte hartu zuten hamabi ekintzaile antiespezistei. Eleak-Libre mugimenduarekin batera salatu dute gertaturikoa.

Donostiako San Tomasetan Ursula txerriaren erakusketa galarazi nahi izan zuten Askekintzako kideek, baina ekintzan parte hartzeagatik guztira 7.200€ko isuna jarri diete hamabi ekintzaile antiespezistei. Erresistentzia pasiboa praktikan jartzeagatik Mozal Legea aplikatu dietela salatu dute: "Inpunitate osoz herri mugimenduak erreprimitzen dituztenek kolpe handi bat eman nahi izan digute. Oraingoan, Donostiako Udala izan da honen sustatzailea, berriz ere Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin". 

Eleak-Libre mugimenduak salatu duenez, hain zuzen, bi instituziook Mozal Legearen aurka agertu ziren legea atera orduko; praktikan, ordea, aplikatu egiten dute, 11.000 aldiz gutxienez jada Euskal Herrian. "Mozal Legea edozer gauzagatik aplikatzen digute: muralak margotzeagatik, abestiak egiteagatik, txioak idazteagatik, eta kasu honetan, txerriaren erabilera salatzeagatik", salatu du Joseba Alvarez Eleak-Libreko kideak. 

Askekintzako kideek azaldu dutenez, Donostiako Udalarekin behin baino gehiagotan hitz egiten saiatu dira animaliei ematen dien tratua dela-eta; udalak, ordea, entzungor egiten diela salatu dute, eta horregatik jo zutela ekintzara: "Neurrigabeko egite honekin isilarazi nahi izan gaituzte, baina gure aldarria inoiz baino ozenago entzunaraziko diegu: animalioi mozalik ez".

BIDEOA