:: MUNTAI POLIZIALAK

Altsasuko gazteek kartzelan jarraituko dutela erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak

Topatu | 2019-10-09
Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen zigorrak murriztu ditu: urtebete eta 6 hilabete eta 9 eta 6 hilabete artean bete beharko dituzte. Hainbat mobilizazio deitu dituzte Euskal Herriko herri eta hirietan.

Irailaren 18an ospatu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean Atsasuko gazteen kasuaren berrikuspena. Defentsak epaiketan zehar proportzionaltasun eza eta inpartzialtasunaren printzipioaren urraketa salatu zituen, baina Fiskaltzak eta Covitek (akusazio partikular gisa) argudio guztiak errefuxatu zituzten.

Gaur egin du publiko bere erabakia Gorenak. Zigorrak murriztu dituen arren, jada kartzelan dauden zazpi gazteek bertan jarraitu beharko dute: 

  • Ohian Arranz: 13 urteko eskaera, 9 urte eta erdiko zigorra. 
  • Jokin Unamuno eta Adur Ramírez de Alda: 12 urteko eskaera, 8 urte eta erdiko zigorra.
  • Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea: 9 urteko eskaera, 7 urte eta erdiko zigorra.
  • Aratz Urrizola: 9 urteko eskaera, 4 urte eta bi hilabeteko zigorra.
  • Iñaki Abad Olea: 6 urteko eskaera, 3 urte eta erdiko zigorra.
  • Ainara Urkijo: 2 urteko eskaera, urte eta erdiko zigorra. 


Nafarroako gazteak Altsasukoekin

Nafarroako hainbat gazte eragilek adierazpen bateratu bat zabaldu dute Espainiako Auzitegi Gorenaren berrespena jakin ostean. Gazteek, kartzelan dauden altsasuarrei zein haien guraso, ikaskide, lagun, senide edota herrikide orori  elkartasun osoa adierazi diete.

Altsasuko auziaren injustizia azpimarratu dute, baita absoluzioa ez den ebazpenik ez dutela onartuko gogorarazi ere. "Nafarroan aspaldi adierazi genuen gazte hauek kalean egon beharko luketela, gazte hauen eskubideen urraketa hau hasieratik eten egin behar zela esan genuen eta berriz ere diogu Auzitegi Gorenak kaleratu duen ebazpen honek, orduan salatzen genuen injustizia hau berresten duela". 

Gertakarien trataera juridiko eta mediatikoak Altsasuko gazteria kriminalizatzeko nahia agerian uzten duela adierazi dute gazteek. Kasu isolatua ez dela azpimarratu dute, "gazteria kriminalizatzeko estrategia baten parte" baizik. Hori dela eta, bihar 20:00etan Iruñeko Udaletxe Plazatik abiatuko den manifestaziora joateko dei egin diote Nafarroako gazteriari. 


Mobilizazioak Euskal Herrian zehar

Iruñekoaz gain, Euskal Herriko beste hainbeste tokitan deitu dituzte gaur eta bihar artean mobilizazioak. Adibidez, atzo arratsaldean Laudion egin zuten Aiaraldeako mobilizazioa. Gaurko hamaika deialdi egin dituzte herri eta hirietan.