:: FORMAKUNTZA

Angela Davis Euskal Herrian izango da otsailaren 4tik 8ra

Topatu | 2016-01-27
Gite-Ipes eta Ipar Hegoa Fundazioek iragarri duten bezala, Angela Davis ekintzaile politiko, iraultzaile eta feminista afroamerikarra Euskal Herrira etorriko da jardunaldi eta ikastaro ezberdinetan parte hartzeko.

72 urte oraintsu beteta, Euskal Herria izango du hurrengo geltoki Angela Davisek. Gite-Ipes eta Ipar Hegoa Fundazioek elkarlanean antolatutako bidai honetan, mundu mailako erreferentzia politiko, ideologiko eta intelektualaren erakusle den Davisek parada izango du gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko.


Kartzela eta borroka ikuspegia

Kartzela egitura gisa eztabaidagai jartzeko asmoa du Gite-Ipes elkarteak eta ekintzaile afroamerikarraren bisita ildo horren abiapuntua izatea nahi dute: “Lehenengo jardunaldi honetan, otsailaren 5ean burutuko dena, kartzela eta emakumearen gaian sakonduko dugu. Eta ildo horretan, Angela Davis azkeneko garaietan gai honen inguruan egindako hausnarketak zuzenean entzuteko aukera edukiko dugu.”

Otsailaren 6an, Ipar Hegoa Fundazioak bere kidegoarekin barne mailan burutuko duen ikastaroan hartuko du parte Davisek. ‘Herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegia egun’ izenburua daraman mintegian “bere ekarpen intelektuala aztertzeaz gain, egun diren erronkak eta eztabaidak” mahaigaineratuko dituztela jakinarazi dute.


‘Angela Davis gure laguna da!’

Omenaldia ere egin nahi diote Davisi eta ekitaldia antolatu dute otsailaren 7rako Bilboko Kafe Antzokian. ‘Angela Davis gure laguna da!’ lemapean eta Fermin Muguruzaren eskutik, euskal musikari eta sortzaile ugari bilduko dira. Besteak beste, Maialen Lujanbio, Eider Rodriguez, Mursego, Aiora eta Piti, Anari, Broken Brothers Brass Band, Bad Sound System, La Basu, Aneguria, Fermin Muguruza, Sorkun eta Xabi Solano. 

Datorren astelehenean ekimenaren zehaztapen guztiak eskainiko dituen prentsaurrekoa burutuko dute.