:: DESOBEDIENTZIA

Ariznabarreta Martutenen espetxeratzeko agindua eman du epaileak

Topatu | 2016-02-29
Desobedientzia aldarri mobilizatu dira herritar ugari; Arrieta, Arbizu, Eibar, Elgoibar eta Gasteizen. Espainiak Segi gazte antolakundea “terrorista” izendatu zuela salatzeko, errepidea moztu zuten 2007an. Bederatzi urte beranduago epaitu dituzte, eta hiruk epaiketa desobeditzea erabaki dute. Epaileak ekintzaileak bilatu eta atxilotzeko agindu du.

Donostiako epaitegira deituak zeuden  Asier Alberdi (Bilbo), Saioa Zerain (Gasteiz), Aritz Azkona (Arrieta), Naroa Ariznabarreta (Eibar) eta Ainara Ladron (Elgoibar). Azken hiruek desobedientziaren bidea hartu eta epaituak izateari uko egin diote, ez dira epaiketara aurkeztu. Epaileak beraiek bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen eta desobedienteek jakinarazi zuten eguneroko bizitza  egiten jarraituko zutela. 

NAROA ARIZNABARRETAREN ATXILOKETA ETA ESPETXERATZEA

Etxetik atera denean atxilotu du Espainiako Polizia Nazionalak Ariznabarreta. Senide batek lagunduta atera da kalera gaztea eta poliziak auto baten sarrarazi du. Donostiako komisaldegitik pasa ostean Martutenen espetxeratzeko agindua eman du epaileak.  

Ariztabarretak desobedientziaren aldeko hautua zergatik egin duen azaldu dio gazteak epaileari eta jarrera desobedientea erakutsi du honen aurrean.

ARGAZKIAK: @axierL

Ariznabarretaren aldeko manifestazioa deitu dute gaur, 19:00etan Eibarko Untzagatik.

___________________________________________________________________________

Aritz Azkona eta Ainara Ladonek libre jarraitzen dute ordu honetan eta mobilizazioei adi egoteko deia zabaldu dute.


DUELA 9 URTE

2007ko protesta harekin bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan zituzten: batetik, euskal gazteriaren militantzia politikorako eskubidea aldarrikatzea. Bestetik, Segi terroristatzat jotzeak euskal gazterian eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio "latzak" salatzea.


DESOBEDIENTZIA 

Epaiketa data jarri dieten laugarren aldia da. Lehenik, Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu zituzten, eta Donostiako Auzitegira 2013ko urrian. Azken auzi saio hori atzeratu egin zuten prozedura akatsengatik. Orduko hartan, epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten Ariznabarreta, Azkona eta Ladronek, eta haiek bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak. Bizitza publikoa egiten jarraitu zuten, baina, prozedura akatsengatik saioa bertan behera geratu zenez, ez zituzten atzeman. Abenduan ere epaiketa desobeditzeko hautua egin zuten; ez zioten epaiketari eta horren "erabilera politikoari" zilegitasunik ematen, eta desobedientzia "egun auzitegietan dauden epai politiko guztiei erantzuteko tresna" gisa definitu zuten.


DEIALDIAK

ARRIETA |  Martxoak 4, ostirala, 20:00etan 'Konpromiso gunea' ( Herriko trikitilariak, bertsolariak, poesia errezitaldia, Itziarren Semeak eta askoz gehiago).

ARRIETA |  Martxoak 6, igandea, 11:30ean argazki erraldoia plazan.

ZARAUTZ | Martxoak 5, larunbata, 11:00etan musika plazan.


LIBRE/ELEAK mugimenduen oharra

Lehenik eta behin, gure babes osoa agertu nahi diegu Saioa, Asier, Ainara, Aritz eta Naroari. Bereziki azken hiru gazteei. Izan ere epaileak, fiskaltzaren adostasunarekin, eurak espetxeratzeko agindua eman du epaiketa data berri bat finkatu bitartean. Larritasun uneak dira Aritz, Ainara eta Naroarentzako, euren senide eta hurbilekoentzako. 

Baina salaketa, borroka eta mobilizazio uneak ere badira. 

Salaketa uneak, gaur elkartasuna eta disidentzia eskubidea epaitu nahi zituztelako. Bertan behera geratu den epaiketa 2007an du jatorria. Urte horretan, bost gazteak A8 autopista blokeatu zuten kateatzeen bitartez. Hain zuzen ere, euskal gazteriak antolatzeko duen eskubidea aldarrikatuz eta SEGI antolakundearen legez kanporatzea salatzeko. Salbuespen politiken kateak etenik ez duela ematen du. Ezta zentzu gabeziaren tamainak neurririk ere: SEGI legez kanpo jarri zuten, 70 gazte atxilotu zituzten antolakundeko militante izatea leporatuta, gehienak torturatuak izan ziren. Urteak igarota, 70 ustezko terrorista arriskutsuetatik 68 absolbitu eta beste biei jada beteak zituzten zigor murriztuak ezarri dizkiete. Gaur, Madrileko salbuespen epaitegiek eurek esplizituki edo inplizituki bidegabekeria onartu ondoren, nortzuk eta bidegabekeria hura salatu zutenak epaitu nahi dituzte. Bi urtetik gorako espetxe zigorrekin gainera. Eta erasoa ez dator Madriletik, Donostiako epaitegitik baizik. 

Borrokarako uneak ere, horrela erabaki dutelako Saioak, Asierrek, Ainarak, Aritzek eta Naroak. Azken hirurak epaiketara ez aurkeztuta, Saioa eta Asierrek epaitegitik bertatik, bostek jarrera desobediente bat garatzea erabaki dute. Gu guztioi borrokarako modu eta espazio bat proposatuz horrela. Espetxeratze agindua ezagutu ostean Ainarak bota dituen hitzak gure egiten ditugu: "Gaur egun desobedientzia oso tresna eraginkorra da, estatuen izaera antidemokratikoa agerian utziz, indarrak biltzeko. (…) askatasunaren bidean, lege injustuak gainditzeko gure borroka eta hautua ere kolektiboa izango dira. Jarrera desobedenteak esparru guztietara hedatzeko ekarpena da gurea." 

Mobilizazio uneak, azkenik. Asko garelako bost gazteen elkartasunezko jarrera desobedienteagatik gure burua interpelatua sentitzen dugunok. Horregatik deitu ditugu mobilizazioak euren herrietan. Gure eskubide zibil eta politikoen defentsan, eta horiek defendatzeagatik zigortzen dituztenak babesteko. Lege injustoei aurre egiteko desobedientziaren bidea aldarrikatzeko ere. Egoera hau bidegabea dela sinesten duen orori luzatzen diogu bertaratzeko gonbitea. Baita gertakariei eta deialdi berriei adi egotekoa ere.