:: GAZTERIA LIBRE

Bi urtetara jeitsi die Auzitegi Gorenak espetxe zigorra Ainhoa Villaverde eta Ibon Estebani

Topatu | 2015-11-24
Auzitegi Gorenak Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz, Xabat Moran, Igarki Robles eta Aiala Zaldibar absolbitu ditu. Espetxean jarraitzen duten Ainhoa Villaverde eta Ibon Estebani bi urtetara jeitsi diete kondena.

Segiko kideak izatea leporatuta, sei urteko espetxera kondenatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. 28 gazteren aurkako auzian izan ziren zigortuak, eta Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko zuten eskubidea urratuta, kalez jantzitako poliziek Moran, Madernaz, Sagastizabal eta Villaverde atxilotu zituzten maiatzaren 6an. Esteban, Zaldibar eta Roblesek, aldiz, ihes egitea lortu zuten, desobedientzia dinamika bati hasiera emanez. Ezkutuan egon ostean, maiatzaren 18an atzeman zituzten, Gasteizko Herri Harresiaren babesean.

Sagastizabalek izan ezik, gainerako seiek urte eta erdi inguru egin zuten preso lehen aldiz atxilotuak izan ostean. 2010eko urriaren 22an, urte hartako abenduaren 16an eta 2011ko otsail-martxoan atzeman zituzten auzi horretako 28 gazteak. 

Gaurkoan, absoluzioa ebatzi du Auzitegi Gorenak azaroaren 4an espetxetik atera ziren Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz, Xabat Moran, Igarki Robles eta Aiala Zaldibarrentzat. Ainhoa Villaverde eta Ibon Estebani ordea, bi urtetara jeitsi die kondena.