:: IRITZIA :: FEMINISMOA

Botereari eta boteretzeari bueltaka

Ernai gazte antolakundea | 2017-05-04
Berriozarren egingo diren Emakume Abertzaleen VII. Topaketa Feministetan parte hartzera deitu du Ernaik.

Ernai gazte antolakundea:

Gazteok egiten ari garen bidea egokitzeko Inurritegia prozesua baliatu berri dugu; bertan, fase honetan eraikuntzak zentroa hartu behar duela ondorioztatu genuen, eta zentzu horretan, boterea erdigunean. Izan ere, gure praktikaren funtsak kontrabotere erreala sortzea izan behar du, ezarritako mugez gaindi prozesu eratzaile nazionala martxan jartzeko. Labur esanda, gaurdanik burujabetza lortzean datza gure logikak. Modu horretan ulertu behar dugu Gazte Boterearen eraikuntza, gazteok gure bizitzaren gainean erabakiak hartu eta bete ahal izateko gaitasuna izatean.

Teoria badakigu: batetik, de facto boterea sortu, eta bestetik, egungo botereguneetan botere kuotak borrokatu. Baina baita mila galdera ere. Hau guztia nola? Noiz ari gara boterea sortzen, noiz gara kontrabotere eta noiz hegemoniko, zein dira egungo botereguneak? Zenbat korapilo, bidean askatu beharrekoak!

Botereaz hasunartzen hasi garen honetan, Bilgune Feminista boteretze feministaz hitz egiten entzun dugu, Burujabetza Feminista iparrorratza izanik, boteretzea oinarrian kokatuz. Argi dio Bilgune Feministak: Feminismoak egingo gaitu herri, eta bide horretan boteretze feminista da erronka nagusia. Baina, zer da boterea, zertarako, zergatik hitz egiten dugu botereaz, zergatik nahi dugu feministok boterea? Galdera hauek askatu nahian dabil Bilgune Feminista, baita Maiatzaren 6ko topaketak horretarako baliatuko ere.

Eta guk, neska gazteok, bide hori egin nahi dugu, galdera guzti horiei erantzunez, eta sortuko diren galdera berriak mahai-gaineratuz. Eta nola ez, bide horretan aliatu nagusiak ditugu feministak. Bai baitakigu neska gazte langile gisa gurutzatzen gaituzten zapalkuntzei aurre egiteko aukera bakarra Euskal Herria burujabe eta feministarantz bidea egitea izango dela, eta horretarako berme izango direla feministon artean sortzen ditugun sareak.

Horregatik, neska gazteok Berriozarren egon behar dugu larunbat honetan, feministon arteko harremanak goxatu, zaindu eta indartzeko, denon artean komunitate ahaldundua eratzen jarraitzeko, eta nola ez, Euskal feminismoaren estrategiak marrazten joateko. Feminismoak egingo baikaitu herri. Larunbatean ikusiko dugu elkar!

Izar eta Lur, Ernaiko militanteak.