:: GAZTETXEAK

Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataforma sortu dute hainbat auzokidek

Topatu | 2018-01-10
Bilboko Udalak Deustuko merkatu zaharraren eraikina eraitsi nahi zuela jakin bezain pronto hasi ziren antolatzen hainbat auzotar. Eraikinak ondare gisa duen balioa zein egun ematen zaion erabilera defendatzeko, eta gazteei auzoan babesa dutela adierazteko, honen aldeko plataforma bat sortu dute.

Duela hogeita sei urte sortu zen Deustuko Gazte Lokala, merkatu zaharra zen eraikinean. Ordutik, hainbat auzokide eta elkarte elkartzen dira bertan, modu desberdinetako ekimenak aurrera eramateko. Udalarekin burututako akordioari jarraituz, "gazte asanbladak lokala eta ingurua hobeto ditu urte guzti hauetan, gazteei bestelako alternatibak eskainiz aisi eta kultur aldetik".

Uda ostean, ordea, udalak Gazte Lokalarekin zuen harremana aldebakartasunez eten, eta desalojatuko zituztela adierazi zuen. Honen aurrean Deustuko auzokideen erantzuna zabala izan zen, udalak beste bilera bat onartuz; hala ere, eraikina botako zutela azaldu zieten, "elkarrizketari inolako aukerarik eman gabe".

Lokalaren alde burutu zuten lehenengo ekimenean auzoko merkatari, tabernari, musika talde zein beste hainbat eragileren babesa jaso zuten. Egoera honen aurrean, auzokideek eta garai batean Gazte Lokalean ibilitakoek plataforma bat sortzea erabaki zuten, eraikinak ondare gisa duen balioagatik eta egun duen erabilerarengatik. 

Deustuko Gazte Lokala babesteko asmoz, sinadura bilketa bat egiteari ekin diote, ostean, Udalaren Ondare batzordeari helarazteko: "Berritzear dagoen hirigintza plan orokorrean, eraikinen katalogoan txertatzea dugu helburu". Sinadurak biltzeko orriak eskuragarri daude auzoko hainbat komertzio zein tabernetan.