:: SEXISMOA

Paul Abasolo erasotzaileak Durangoko mugimendu feministako kide bat salatu du

Topatu | 2015-12-17
Sexu abusuengatik hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Bizkaiko Auzitegi Probintzialak Abasolori, baina Espainiako Gobernuak indultatu egin zuen.

Gaur egun arte, sexu erasoengatik kondenatutako pertsona bakarra indultatu du Espainiako Gobernuak: Paul Abasolo durangarra.  Hiru urte eta erditik bi urtera jaitsi zion kondena, espetxean sartzea saihesteko. Mugimendu feministak gogor salatu izan du kasua, eta behin eta berriz ohartarazi izan du erasotzailea herrian "lasai asko" ibiltzeak sortzen duen segurtasun falta handia dela.

Inpunitateaz "gozatzearekin" nahikoa ez, eta Abasolok berak mugimendu feministako kide bat salatu du fogarik izan gabe, ustez "bere ohorea zikintzen duten margoketak egiteagatik". Salaketa pertsonal hori mugimendu feminista kriminalizatzeko saiakera dela uste dute Durangoko plataforma feministako kideek: "Indarkeria sexistaren aurka egiten dugun lana eteteko ahalegina da salaketa". "Eraso" gisa ulertzen dute, eta erantzutera deitu dute: ostiralean elkarretaratzea egingo dute 9:15ean epaitegi aurrean. Abenduaren 23an, aldiz, prentsaurrekoa egingo dute 10:30ean leku berean.

SINADURA BILKETA

Atxikimendu bilketa bat ere jarri dute martxan, eta emakumeen eskubideen alde dagoen oro deitu dute sinatzera. "Hau sinatzen dugunok mugimendu feministaren eta bere kideen aurkako erasoa salatzen dugu. Emakumeak mehatxurik gabe, libre, nahi ditugulako. Hortaz, dagokionari eskatzen diogu emakumeak bakean utz ditzatela bermatzea, prozesu administratiboa etetea eta mugimendu feminista eta bertako kideak babestea".