:: EUSKARA

Elkarretaratzea deitu dute Ernaik eta EHEk Donostiako Ernaiko kideari aplikatutako mozal legea salatzeko

Topatu
Otsailaren 8an, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea deitu dute Ernaik eta Euskal Herrian Euskaraz-ek Ertzaintzak Antigua auzoan duen ertzain-etxearen aurrean: “Administrazio publikoa osoki euskalduntzen ez den bitartean, etengabeak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketak”.

Prentsaurreko bat egin dute Ernaik eta EHEek eta mobilizazio bat deitu dute Ernaiko kideari jarri dioten isuna dela-eta. Iazko maiatzean Bizitza da Handiena ekimenaren protesta bat egin zuten Donostian. Bertan, Donostiako Ernaiko kidea den Eneka Alvarez identifikatu zuten. Eneka Alvarezek azaldu duenez, ertzain baten aldetik euskararekiko “gutxiespen eta mespretxuzko” hitzak entzun zituen eta gauza bera “errespetuz eta gutxietsi gabe” ere esan zezakeela adierazi zion agenteari. Momentu horretan identifikatzeko eskatu zioten, eta honek euskaraz eskatuta, “arazorik gabe” identifikatuko zela esan zien: “Nire hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari zirela ikusita, ahotsa altxa eta ia inork euskeraz ba ote zekien galdetu behar izan nuen ozen. Horren ostean, euskaraz galdegin zidan ertzain batek eta berehala eman nion dokumentazioa inolako arazorik gabe”.

Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuen Eneka Alvarezek eta kexa bideratu ostean, Donostiako ertzain etxeko buruak euskaraz izateko eskubideak urratu zituztela onartu zuten eta agenteek barkamena eskatu zuten. Hala ere, honen ostean, mozal legea aplikatu diote gazteari: “Haien lana ez niela egiten utzi diote, ez niela arduradunak identifikatzen utzi. Bideoan argi ikusten den bezala, gertaera gertatu zenerako arduradun gisa identifikatuta zegoen jada pertsona bat. Beraz, salaketan egotzi didatena ez dela zuzena esan dezaket”. Isuna ez ordaintzea erabaki du eta errekurtsoa jarriko dute.

Ernairen eta EHEren irakurketak

Ernaik euskaldunen eskubideak berriz ere urratuak izan direla salatu du prentsaurrekoan eta instituzioetatik bideratzen diren hizkuntz-politikekin, gaur gaurkoz Euskal Herrian Euskaraz bizitzea ezinezkoa dela adierazi dute: “Hainbat arduradun politikoren aldetik hipokresia garbia ikus dezakegu, Euskaraldia eta gisako ekimenetan parte hartu bai, baina egunerokoan halako gertaerak onartzea eta ez salatzea lotsagarria da”.

Gazte Antolakundeko kideek azaldu dutenez, hauek ez dira gertaera isolatuak: “Euskaldunok trabak nonahi topatzen ditugu”. Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek ere gertaeraren larritasuna nabarmendu dute eta bat egin dute Ernairen irakurketarekin: “Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainek beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak. Larriak direla diogu baina zoritxarrez ezin esan salbuespena direnik”. Euskaldunek egunerokotasunean horrelako gertaerak pairatzen dituztela azaldu dute eta eremu pribatuan nahiz publikoan izaten direla: “Administrazio publikoa osoki euskalduntzen ez den bitartean, etengabeak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Euskaraldiaren hamaika egunetan soinean txapa bat jartzea eta propaganda kanpainak egitea ez da nahiko, ezta gutxiago ere, urte osoan zehar herritarren eskubideak urratzen badira”.

“Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainek beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak".

Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari egindako kaltea onartzea, barkamena eskatzea, eta, isuna kentzea exijitzen diete: “Onartezina da horrelakorik gertatzea egun. Ez hori bakarrik, horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak har ditzaten exijitzen diegu”. Era berean, herritarrei beraien hizkuntza-eskubideei “tinko eusteko” dei egin diete.

Honez gain, Lander Arbelaitz Argiako kazetariari babes osoa helarazi diote bai Ernaiko eta bai EHEko kideek, epaiketa egingo baitiote, gertakari hura grabatu eta sare sozialetan zabaldu zuelako.