:: PROIEKTU TXIKITZAILEAK

Erraustegiaren aurkako eta bizitzaren aldeko aldarriak bete du Zubieta

Topatu | 2017-05-27
Jende andana bildu da errauskailuaren aurkako mugimenduak deitutako egunean. Arratsaldean aldiz, erraustegiko orubera martxa jendetsua egin dute.
 Goizean eman diote hasiera egunari, hitzaldi eta tailerrekin. Bazkalostean, Zubietako plazan bildu dira ume, gazte, zein helduak; Gipuzkoa Zutikek deituta "ingurumen zentroa" bisitatu asmoz. Martxarako azalpenak eta irizpideak eman ondoren, hiru zutabetan atera da martxa; ileordeak eta mozorroak soinean. Mendian gora, errauskailuaren aurkako oihuak izan dira nagusi. 

 Lehenengo zutabeak erraustegia eraiki nahi duten lekuan ertzainekin topo egin eta ingurua desalojatzeko agindu diete. Obren aurrean elkartu dira hiru zutabeak, eta mehatxuak mehatxu, obretako orubera jaitsi eta "ez onartu erraustegia" zihoen pankarta zabaldu dute. Zuhaitzen haziak erein dituzte orubean bertan, bizitzaren aldeko aldarria bertara eramanez. 

 Zubietako plazan eman diote amaiera mobilizazioari, eta Gipuzkoa Zutikek protestan parte hartu duen jendea zoriondu du: "gaurkoa garaipen bat izan da, baina borroka hasi besterik ez da egin".

BIDEOA



ARGAZKI BILDUMA