:: GAZTE MUGIMENDUAK

G7ko kontragailurreko Gazte Gunearen egitaraua publiko egin dute

Topatu | 2019-08-15
Abuztuaren 21etik 23ra, G7 EZ Plataformaren kontragailurrean Gazte Gunea antolatu dute. Hendaiako herri barneko eskolan kokatuko da eta hiru egunetan zehar egitarau oparoa eskainiko du.

G7 EZ Plataformak abuztuaren 21etatik 23a kontragailurra antolatu du Irun eta Hendaia artean. Egitaraua hainbat guneetan zehar banatuta egongo da eta guztira 200 hizlari eta 50 tailer eskainiko dira, zazpi gai orokorren bueltan: kapitalismoa, klima eta ingurumena, herrien aniztasuna eta askatasuna, feminismoa, demokrazia soziala eta autoritarismoa, migrazioa eta harrera eta gerren eta inperialismoaren aurkako borrokan elkartasuna. Gune horietako bat Gazte Gunea izango da, Hendaiako herri barneko eskolan egongo dena. 

Hiru egun, hiru tematika 

Egun bakoitzean gai orokor bati egingo diote erreferentzia Gazte Gunean. Abuztuaren 21ean, bizitzak izango dituzte mintzagai; eta batez ere ekologia eta gazte prekarietatearekin zerikusia duten gaiak jorratuko dituzte. 14:00etan "Ekologiaz herria eraldatzen" hitzaldia eskainiko dute Fridays For Future IEH-ko kide batek eta Enargia argindar berreztagarri hornitzaileak. 15:00etan gazte prekarietatearen inguruko tailerra antolatu dute. Azkenik, 17:00etan "Euskal Herrian lan eta bizi" mahaingurua izango da ELB gazte, Aiba, Eragin, Neska* gazteen sarea eta LABen eskutik.

22an, bestalde, mugek hartuko dute zentraltasuna. Euskal gatazkaz, migrazioaz eta harrera sareeez jardungo dute. Lehenengo, 15:00etan Motxiladun umeen mahaingurua antolatu dute. 16:00tan, Ongi Etorri Errefuxiatuen eskutik, migrazio krisiaren iturburuez mintzatuko dira. Amaitzeko, 17:00etan Txantxarreka gaztetxeak, Irungo Harrera Sareak eta Diakité-k "Gazteak harrera sareetan" izeneko mahaingurua prestatu dute.

Azkenik, 23an, herriak izango dira erdigunean: nazioarteko esperientziak, feminismoa eta euskara. Hala ere, gazte bazkari batekin emango diote hasiera egunari, 14:00etan. 15:30etan ekitaldia antolatu dute "Euskal Herria eraikitzera goaz!" lelopean. 16:00etan espazio militanteetan daude botere harremanen inguruko hitzaldia egongo da. Ordu berdinean menstruazioaren prekarietatez ere hitz geingo dute. 17:00etan, amaitzeko, kulturgile gazteei emango diete ahotsa. 

Dena prest

G7 gailurra abuztuaren 24an hasiko da; baina G7 EZ plataformako kideak 19tik aurrera egongo dira lanean, akanpalekua egun horretan irekiko da eta auzolanean 21ean hasiko den kontragailurra prestatzen ibiliko dira bertaratutakoek. Akanpalekurako izen ematea ere irekia dago; izen bat eta email bat besterik ez da eman behar. Kontragailurraren antolakuntzak sortuko dituen gastuei aurre egiteko crowfunding bat jarri dute martxan; edonork ahal duen edota nahi duen ekarpen ekonomikoa eginez lagundu dezan.