:: GAZTETXEAK

Gaur emango da Maravillasen inguruko errekurtsoaren ebazpena

Topatu | 2018-10-10
Auzia berriz irekitzeko aukera dagoela adierazi dute gaztetxeko kideek eta horrek, “desalojo arrisku larria” dakarrela.

Abuztuko desalojoari aurre egin ostean, Maravillas gaztetxearen aurka zegoen auzi judiziala bertan behera geratu zen. Gaur, ordea, errekurtsoaren ebazpena emango da eta horrek auzia berriz irekitzea ekar lezake. Hau horrela burutzen bada, gaztetxeko kideek Maravilas “berriz desalojo arrisku larrian” egongo litzatekeela ohartarazi dute.

Nafarroako Gobernuaren eta Geroa Bai-ren jarrerak kritikatu dituzte: “Errekurtsoaren bidez, proiektu autogestionatuen kontrako jazarpen kanpaina mantentzen dute. Argi dago ez dituztela Herri Mugimenduaren parte diren proiektu autogestionatuak gustuko”. Horren adibide gisa aipatu dituzte, momentu hauetan Arrotxapeako eta Lizarrako gaztetxeen aurka dauden epaiketak.

Maravillaseko kideek azpimarratu dute, ez dela eztabaidarako aukerarik egon, abuztutik hona, ez baitute gobernuaren partetik “inolako kontakturik” jaso: “Ez diote gatazka honi irtenbiderik eman eta,gainera, auzoko bizilagunek eta eragile ezberdinek egindako negoziazio eskaintzari uko egin diote, haien immobilismoaren adierazle dena”.

Gaztetxeko kideek Geroa Bai Nafarroan indartzen ari den gune autogestionatuen aldeko mugimendua zapaltzen ari dela salatzen dute, baina horren aurrean, Maravillasetik gaztetxeak eraldaketa sozial, kultural eta politikorako espazio ezinbestekoak direla dira defendatzen jarraituko dute: “gaztetxeak etorkizun berria eraikitzen jarraituko dugu, gure ametsak bahitu nahi badituzten arren”.