:: PREKARIETATEA :: #U3OGREBAOROKORRA

Gazte eta ikasleek ere urtarrilaren 30eko Greba Orokorrarekin bat egin dute, aldarrikapen propioekin

Topatu | 2019-12-26
Gazte eta ikasle mugimendu ezberdinetako kideek urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitu duen Greba Orokorrarekin bat egin dute, eta aldarrikapen taula propioa aurkeztu dute. Gazte eta ikasle orori dei egin diete grebaren egunean zein prestakuntza lanetan parte hartzeko.

Goizean agerraldi bateratua egin dute gazte eta ikasle mugimendu ezberdinetako kideek Gasteizen, urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitu duen Greba Orokorrari atxiki eta aldarrikapen propioak plazaratzeko. Bertan bildu dira bai prekarietatearen aurkako borrokan diarduten gazte mugimenduak (Eragin, GPA, GPS…), etxebizitza eskubidearen aldekoak, ikasle eremukoak (Ikasle Sindikatua, Gora Ikasleon Borroka…), baita ekologismoan edota feminismoan dihardutenak ere (Euskal Herriko Neska* Gazteak, Bilgune Feminista…).

Azken urteetako krisialdi ekonomikoaren testuingurua gazteak bereziki kolpatzeko aitzakia izan direla adierazi dute gazte eta ikasleek, eta prekarietate gordina espazio ezberdinetan modu espezifikoetan bizita ere (enplegua, hezkuntza, pentsioak, emakumeak*, joko aretoak, lur planeta…) guztiak prekarizazio prozesu beraren ertzak direla azpimarratu dute.

Horren aurrean gazte eta ikasleek argi utzi dute ez direla ixilik eta otzan geratuko, eta orain arte egin bezala, kaleak hartuko dituztela adierazi dute. Instituzio zein enpresen aurpegi zuriketarik ez dutela onartuko ere argi utzi dute: “Benetako eraldaketa sozialaren aldekoa da gure borroka, duintasunez ikasi, lan eta bizi nahi dugulako”.

Azkenik, eragile ezberdinen arteko “sinergiak” sortu eta Greba Orokorreko “lehen lerroan” parte hartzeko deia egin diete Euskal Herriko gazte eta ikasleei, bata greba hau prestatzeko herriz herriko komiteetan parte hartzera gonbidatu ere.


ALDARRIKAPEN PROPIOZ

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Greba Orokorrerako egin dituen aldarrikapenekin bat egiteaz gain, gazte eta ikasleek aldarrikapen taula propioa osatu dute. Bizi baldintzei, hezkuntzari, neska* gazteen zapalkuntzari edota planetaren babesari dagozkien hainbat aldarri bildu dituzte bertan (aldarrikapenen taula jarraian).


Euskal Herrian lan, bizi eta ikasi nahi dugulako, bizitza duin bat izateko!

Inork pobreziaren azpitik biziraun behar ez dezan gizarte politika ororen egokitzapena.

• Hileko 1200 eurotako gutxieneko soldata eta lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu barik.

• Lan bera, soldata bera:

          ◦ Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez direla bermatzea.

          ◦ Ezaugarri nagusia prekarietatea duten praktika kontratuak gainditu eta lan bera, soldata bera izateko eskubidea!

          ◦ Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitotzea.

Prekarizazioarekin amaitzeko politika errealak: autonomo faltsuekin amaitzeko, azpikontratazio basatia mugatzeako edota aldi baterako kontratuekin amaitzeko.

• Emantzipaziorako politika eraginkorrak eta neurri ausartak.

          ◦ Alokairu soziala eta etxebizitza publikoak eta bestelako etxebizitza eredu batzuk martxan jarrtzea: alokairua mugatzeko neurriak, dirulaguntzak....

Hezkuntza publiko, doakoa, inklusiboa -denontzako eskuragarria-, euskaldun eta feminista bat exijitzen dugu.

          ◦ Lanbide Heziketetan praktikaldi duinak izateko eskubidea: lanposturik ez ordezkatzea, ikasteko prozesu bat izateko bermeak jartzea, ez kosturik suposatzea (doako lanik ez)

• Gure aisialdia ez merkantikizatu eta ez jokatu gure osasunarekin: Jokoaren neurri mugatzaileak, ezabapen fisiko eta birtualerako legediarekin.


Neska* gazteen mugimenduak egiten dituen aldarrikapenekin bat egiten dugu, feminismoaren instituzionalizazio eta merkantilizazioarekin amaitzea exijitzearekin batera:

Autodefentsa feminista. Eraso sexisten aurka protagonista izango gara neska* gazteak eta xenofobiarako zein kontrol sozialerako aitzakiarik ez dugu onartuko! Egiturazko arazo honen erantzueak diren botere judizial, ekonomikoa eta instituzionalak

• Eremu guztietan emakume* izateagatik (eta gainontzeko kolektibo zaurgarrienek) pairatzen dugun bazterketarekin amaitzeko neurriak: parte-hartzeko oztopoak, lan banaketa sexuala, soldata arrakala....


Bizitza duina bermatu ahal izateko, planeta duin bat izatea, sistema hau aldatzea ezinbestekoa da. Mugimendu ekologistari eta borroka honetan dauden gazteei aitortza

• Larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurri errealak hartzea: isurketen murrizketak, karbono muga doituz...

• Planetaren suntsiketa bultzatzen duten proiektuak behin betiko etetea: AHT-a, Zubietako erraustegia, gas putzuak...

• Eredu aldaketa baterako neurriak hartu, garbiketa berderik ez!


Gazteon erabakimena: ahotsa kentzen digute gazteoi eragiten diguten erabaki politikoetan:

• Gazteen erabakimen politikoa areagotzeko neurriak ezartzea beharrezkoa da, gazteriaren aniztasuna eta osotasuna kontutan harturik.