:: HEZKUNTZA :: IKASLE GREBA

Hezkuntza sistema publiko, euskaldun eta feminista baten alde aterako dira bihar ikasleak kalera

Topatu | 2019-11-27
"Indarra izan eta eman gure hezkuntzari" lelopean, greba nazionala deitua du biharko Euskal Herriko ikasleriak. Mobilizazioak egingo dituzte eguerdian Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon. Baionan, berriz, goizean elkartuko dira ikasleak Herriko Etxeko plazan.

Urriaren 12an aurkeztu zuten greba deialdia Gasteizen. Gora Ikasleon Borroka! izenpean, Euskal Herriko hamaika txokotako ikasleek bat eginda luzatu zuten proposamena. Mobilizazio egunaren helburu nagusia ikasleek egungo hezkuntza sisteman pairatzen dituzten zapalkuntzak salatu eta hezkuntza eredu publiko, euskaldun eta feminista baten alde kaleak hartzea da. 


Greba deialdia egin ostean, dinamika eta borrokaldi ugari jarri dituzte martxan Euskal Herriko heziguneetan. Egungo hezkuntza sistemak eragiten dizkien zapalkuntzak ikustarazteko asmoz, hainbat ildo jorratu dituzte: espazioaren antolaketa sexista, eduki arrotzak, pedagogia eredua, nazio ikuspegia, ikasle baliabideak... Lekarozen, Aiaraldean, Baionan, Zarautzen, Ezkerraldean... zabaldu dute ikasleek greba nazionalerako deialdia.


Bihar borroka lokal horiek guztiak batu eta erantzun kolektibo bat ematera aterako dira ikasleak. Heziguneetan hainbat ekimen egingo dituzte eta eguerdian manifestazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Gasteizen, Bilbon eta Donostian 12:00etan eta Iruñean 12:30ean. Baionan 10:30ean elkartuko dira ikasleak Herriko Etxeko plazan.