:: SORKUNTZA

Lehen Banden Lehia antolatu dute Orozkon, OrozkoRock jaialdiaren baitan.

Topatu | 2019-07-22
Irabazleek OrozkoRock 2020 jaialdian jotzeko aukera eta ordainsaria jasoko dituzte. Bigarren saria bideoklip baten grabaketa eta ordainsaria izango dira. Abuztuaren 16ra arteko epea jarri dute izena emateko.

Aurten ospatu zen lehenengoz bizkaiko Orozko herrian OrozkoRock musika jaialdia. Bertan izan ziren Atom Rhumba, The Wizards, Eskean Kristo edota Liher taldeak, besteak beste.

Oraingoan antolatzaileek bestelako ekimena antolatu dute: I. OrozkoRock Banden Lehia. Euskal Herri osoko musikariei zabaldu diete parte hartzeko gonbita, gazteak eta talde hasiberriak bultzatu nahian. Edonolako talde eta musika estiloei zabaldu diete atea antolatzaileek, baina bereziki rock musika baloratuko dute taldeak aukeratzeko orduan.

Parte hartzeko, taldearen datuak, argazki bat eta hiru abesti bidali beharko dituzte parte hartzaileek abuztuaren 16a baino lehen. Lehen fasetik aukeraturiko taldeen arteko finala Orozkoko San Antolin jaietan ospatuko da, eta bertan erabakiko da zein izango diren Banden Lehiaren irabazle eta irabazleordeak.

Sariak ere ez dira makalak. Lehen postuan geratzen den taldeak 2020ko OrozkoRock jaialdian jotzeko aukera eta 300 euroko ordainsaria jasoko ditu. Bigarren postuan geratzen denak, aldiz, bideoklip baten produkzioa eta 150 euroko ordainsaria jasoko ditu. Informazio guztia eta izen emateko aukera OrozkoRock jaialdiaren web orrian dago eskuragarri.