:: EUSKAL PRESOAK

Presoen aldeko protestak egin dituzte aste osoan campusetan

Topatu | 2016-12-05
Ibaetan eta Gasteizen solasaldiak eskaini dituzte, besteak beste. Leioan itxialdia eta baraualdia ere egin dituzte.

Hainbat preso ohiek "kalera, kalera" mobilizazio astea deitu dute aste honetarako Euskal Herriko hainbat txokotan. Ikasleek, bada, ikasle presoak klasera ekartzeko hainbat jardunaldi antolatu dituzte aste bererako


LEIOA


PREST-en lehen eguneko kronika:

Gaur goizean eman diogu hasiera Ikasle presoen aldeko asteari. Goizeko 8ak ziren Leioako biribilgune orokorra presoen aldeko aldarrikapenez esnatu denean. 3 eguneko itxialdia genuen aurretik, hitzaldiz, eztabaidaz, mahainguruz eta ekimenez beteriko 3 egun, ikasle presoak gurekin nahi ditugula exijitzeko, eta euskal preso politiko guztiek kalean egon behar dutela argi uzteko.

Bederatzietan hasi dugu Kalera Gunea deituko diogun lekuaren muntaia. Pixkanaka eta ikasleen laguntzarekin, txukun utzi dugu Leioako Mikel Laboa plaza, iada Kalera Gune bihurtuta. Behin egitura nagusia muntatuta, hau da, jaimak eta kanpin dendak bere lekuan jarri eta gero, plaza apaintzeari ekin diogu, dena presoen aldarrikapenei lotutako mezuez beteaz. Hamabiak iritsi bitartean, Kalera Gunean bertan jendeak ikasle presoei idatzi, ekarpen ezberdinak egin edota presoen egoera orokorraz informatzeko aukera izan du. Hamabietan asteko lehen hitzaldia izan dugu, Usurbileko itxialditik etorritako bi preso-ohirena alegia, “Kalera, Kalera” dinamikaren nondik norakoak azaltzeko. Helburuak eta funtzioak argitu dituzte eta herri eta auzo ezberdinetan aurrera eramango diren ekimen ezberdinak azaldu dizkigute.

Ondoren, bazkaltzeko aukera izan dugu, eta hainbat ikasle hurbildu dira gure postura ikasle presoen egoeraz jabetzeko. Ondoren, 16:00ak aldera PRESTen inguruko eztabaidari ekin diogu, taldearen funtzioak zeintzuk izan behar diren hobeto zehazteko eta aurrera begira burutu behar dugun papera zein den jakiteko. Behin hori bukatuta, Arantza Zuluetaren inguruko hitzaldia ematera etorri dira ArantzaSos plataformako kideak. Arantzaren egoera bertatik bertara jakin dugu, eta plataformak berak zer helburu dituen jakin dugu.

Orain, bertsoafaria prestatzen gabiltza, gau hotzari aurre egin aurretik. Lehen eguna positibotzat jotzen dugu, eta biharkoa are eta positiboagoa izatea espero dugu, egun osoko baraualdia izango baita, eta egitarau oso anitza.

Besterik gabe, ez hotzak ez ezerk, ezingo gaitu gelditu, eta gure lanean jarraituko dugula helburuak lortu arte! Kalera, kalera! Ikasle borrokaz, presoak etxera!

PREST-en bigarren eguneko kronika:

Bigarren gaua dugu Leioako zeru hotzaren azpian. Hemen jarraitzen dugu, tenperatura hotzari eta goseari ahal dugun moduan aurre egiten. Nahiz eta etsaiaren komunikabideren batek gezurrak argitaratzea erabaki duen gaurkoan ere, ez dugu ikasleon aurkako kriminalizazio merke eta faltsurik onartuko, eta ez gara beraien jokoan eroriko. Egitarauaren gehiena egina dugu dagoeneko, eta bihar izango du amaiera programak.

Goizean goiz eman diogu hasiera bigarren egunari. Batzuk hotzak esnatuta, beste batzuk Campuseko zalapartak, azkar hasi gara gauean haizeak desegin duen Kalera Gunea berreraikitzen. 11:00etan Ikasle presoen egoeraren inguruko mahaingurua izan dugu, Etxerateko kideen, Irakasle baten, eta ikasle-ohi baten eskutik. Ikasle presoen kartzelan pairatzen duten egoera latza helarazi diigute, bakoitzak bere ikuspuntu eta arlotik, eta oso aberasgarria izan da. Geroz eta gehiago jabetu gara ikasketek lau hormen artean duten garrantziaz, eta gure lanak zer nolako garrantzia duen.

Bazkaltzeko ordua momentu delikatua izan da, baina goseari aurre eginez baraualdiarekin aurrera egin eta 16:00ak aldera “Emakumea eta Kartzela” deituriko hitzaldia izan dugu, Marina Sagastizabalen eskutik. Emakumeek kartzeletan pairatzen duten zapalkuntza bikoitza azaldu digu, era oso pertsonalean eta zuzenean.

Biharko manifestazioarako prestaketez gain, 18:30etan egitaraueko azken hitzaldiari eman diogu bidea, “Kartzela eta Zigorra”ri hain zuzen ere. Kepa Mantzisidor etorri zaigu Leioara euskal preso politikoen egoera juridikoa azaldu eta Espainia eta Frantziaren arteko zigorren komutazio bikoitzaren egoera azaltzera.

Baraualdiaren azken ordu hauetan, momenturik onena izan da Leioako bi ikasle presoek espreski bidali diguten audioa entzuteko eta pilak berriz ere kargatzeko gau hotza igaro aurretik. Euren hitzek indarra eta kemena eman digute aurrera jarraitzeko eta benetan guk hainbeste miresten ditugunei ahalik eta ekarpen handiena egiteko.

Amaitzeko, Dispertsioaren inguruko dokumental bat ikusiko dugu, eta ondoren, 00:00etan, Baraualdiari amaiera emango diogu bapo afaldu ondoren.

Gaurko egunaren ondoren, indar berrituta gaude gure lanean jarraitzeko eta biharko manifestazioan gure aldarrikapena indar erakustaldi bihurtzeko. 12:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuko gara.

Bihar arte,
ikasle borrokaz presoak etxera!



IBAETA

Ikasle Abertzaleen egunez eguneko kronikak eta argazkiak:

ASTEARTEA:

Ikasle presoen aldeko astearen lehenengo egunean, kartzelak instituzio gisa betetzen duen funtzioaren inguruan hausnartzen egon gara hainbat ikasle Fiheziko GUnean. Eztabaida sakon batean murgildu gara eta kartzelak sistema honen kohesiorako beharrezkoak mekanismoak nola erabiltzen dituen bereizi dugu, baina batez ere bat nabarmendu genuen: kontrol soziala. Behin hori eginda, logika horren baitan kokatuko ez den justizia sistema baten nondik norakoen inguruan eztabaidan aritu gara.

ASTEAZKENA:

Tolosako ''Gazteak Kalean'' plataformako gazte auziperatuekin solasaldia izan dugu Magisteritzako fakultatean. Bertan plataforma martxan jartzera bultzatu zituen bi kasuak azaldu dizkigute, bata muntai polizial eskandalagarria eta bestea gazteria kriminalizatu eta zigorren bidez itotzeko saiakera argia. Egun zein fasetan dauden eta zein lanketa garatzen ari diren gertutik ezagutu dugu. Sistemaren erreprodukzioa bermatzeko ardura duten indar polizialen estrategia errepresibo berriei gure erantzuna egokitzeko beharra azaleratu da eta baita ikasle zein gazte iraultzaileon proiektu politikoa defendatzeko mekanismoen beharra ere, kontrabotere espazioen eraikuntzak, paraleloki autodefentsa mekanismoen sorrera beharrezko egiten duelako.

OSTEGUNA:

Ostegunean, EAEko beste kanpusetan bezala, Ibaetako kanpusean ere ikasle presoen aldeko kontzentrazioa burutu dugu. Ondoren, mahai-inguru batean ikasle presoek Frantziako Estatuan ikasteko dituzten baldintzak ezagutu ditugu, Espainiar Estatuan galerazia baitute EHUn ikastea. Etxerateko ikasketa taldeko kide batek azaldu digu hori. Bestetik, gure kanpusean ikasten hasiko den, baina azken hiru kurtsoak gartzelatik egin dituen Saul Curto preso atera berriak bere ikasketa esperientzia kontatu digu, kanpoko ikasle batek ematen zion laguntzari garrantzia berezia eskainiz. Azkenik, preso zeuden bi ikasleri hiru urtez apunteak eta bestelako laguntza bidaltzen egondako kide batek bere esperientzia azaldu digu, argi utziz horrek dakarren lana baino handiagoa dela presoari egiten zaion ekarpena. Saioaren amaieran, gure kanpuseko graduak ziegan ikasten ari diren sei presoei laguntza kudeatzeko jendea prest agertu da urtarriletik aurrera martxan jartzeko eta oraindik aske gauden ikasle iraultzaileok dugun abantaila hori askatasuna ukatua dutenekin partakatzeko.



GASTEIZ

Gasteizen solasaldia eskaini dute bi preso ohik, eta manifestazioa egingo dute ostegunean. 



Egitarauak: