:: PREKARIETATEA vs. EMANTZIPAZIOA

Ilusioa nagusi 'Gure kabuz ala hil' dokumentalaren aurkezpenean

Topatu | 2015-11-29
Giro goxoan aurkeztu dugu alternatiba soziekonomikoen inguruko 'Gure kabuz ala hil' dokumentala. Bide luze baten hasiera izango den lehen aurkezpen honen ostean, ilusioz beteta ekingo diogu herriz-herriko eztabaida birari.

Hilabeteetako lanaren ostean, Donostian estreinatu genuen 'Gure kabuz ala hil' dokumentala ostiral iluntzean. Lehen inpresioak partekatu genituen hurbildu zineten guztiokin, eta ohartu ginen gure ingurua eraldatzeko nahikoa indar dugula. Bide baten hasieran metatzen den beste ilusioz bete genuen Guardetxea, eta sentimendu anabasa bat sortu arren, ideia batek hartu zuen indarra: tresna hau behar beste espazio eta formatan erabili behar dugu.

Hasieratik esan izan dugu: behar historiko baten aurrean gaudela iruditzen zaigu, eta tresna honekin behar horri forma eman, erantzunak zirrimarratu eta gure bizitzak eta gure herria nahi dugun moduan eraikitzen hasteko ilusioa piztu nahi dugu.

DOKUMENTALA

Bidaia bat erakutsi dizuegu dokumentalarekin, alternatiba bila Euskal Herria gurutzatzen duen gazte baten bidaia. Egiten duen bide horretan, burura etortzen zaizkion ideiak, egiten dituen hausnarketak, ezagutzen dituen proiektuak etab. azaltzen ditu. Egitasmo horiek guztiak egun Euskal Herrian martxan dauden proiektuen lagin bat besterik ez dira. Iruditzen zaigu guztiek dutela zerbait interesgarria, eta guztiek jartzen dituztela mahai gainean eztabaidarako gakoak. 

Alternatiba hitza bera lasaitasunez erabiltzera ere animatu gara, ez dugulako hitz egiten alternatiba bat eta bakarraz, jendarte anitz batentzat ez duelako balio planteamendu homogeneo batek. Baina, guztiek dute kontzeptu bat komunean: gure kabuz egitea, inoren zain egon gabe.



EZTABAIDA BIRA

Durangoko Azoka izango da hurrengo hitzordua; bertan aurkituko gaituzue dokumentala banatzen eta, nahi izanez gero, proiektuaz solasten. Hortik aurrera, bira luze eta emankor bat egingo dugu Euskal Herritik. Aurkezpen-eztabaidak antolatu ditugu hainbat lekutan, eta horietako batean zurekin topo egitea espero dugu.