:: INDARKERIA SEXISTA

Indarkeria sexista eta erasotzaileen inpunitatea salatzen jarraituko dute Durangoko feministek

Topatu | 2015-12-23
Paul Abasolok salatutako mugimendu feministako kidea epaitegian deklaratzen izan dela-eta, ehunka lagun bildu da Durangoko epaitegi aurrean. Azken egunetan jasotako babesa eskertu dute, eta ohartarazi dute borroka feminista indartzen jarraituko dutela.

"Pertsekuzio basati baten aurrean gaude, mugimendu feminista beldurtzeko ahalegina besterik ez dago Abasoloren salaketaren aurrean". Ehunka lagunek babestu dute Durangoko plataforma feministaren adierazpena Durangoko epaitegi aurrean egindako agerraldian, eta eraso sexistak eta erasotzaileak gaitzesten jarraituko dutela azpimarratu dute. "Suminduta" daudela ere azaldu dute, baina lanean jarraitzeko "sekula baino gogo gehiagorekin".

Beste behin ohartarazi dute ez dutela onartzen Abasoloren inpunitatea: "Ez dugu onartzen horrelako historiala duen pertsona bat gure kaleetatik ibiltzea, mehatxua da herri honetako emakume guztiontzat". Abasolok mugimendu oso bat kriminalizatzeko sentitu duen zilegitasuna ere errefusatu dute. "Erasoak eraso, kalean zutik jarraituko dugu".

Bestetik, jakinarazi dute Durangoko Udalbatzak ere aho batez onartu duela Abasoloren inpunitatearen aurkako eta mugimendu feministaren aldeko adierazpena.




SINADURA BILKETA 

Atxikimendu bilketa bat ere jarri dute martxan, eta emakumeen eskubideen alde dagoen oro deitu dute sinatzera. Egun eskasean milaka atxikimendu lortu dute.

Sinatzeko, klikatu hemen

ERASOTZAILEA BIKTIMA BIHURTU NAHIAN 

Gaur egun arte, sexu erasoengatik kondenatutako pertsona bakarra indultatu du Espainiako Gobernuak: Paul Abasolo durangarra. Hiru urte eta erditik bi urtera jaitsi zion kondena, espetxean sartzea saihesteko. Mugimendu feministak gogor salatu izan du kasua, eta behin eta berriz ohartarazi izan du erasotzailea herrian "lasai asko" ibiltzeak sortzen duen segurtasun falta handia dela. Inpunitateaz "gozatzearekin" nahikoa ez, eta Abasolok berak mugimendu feministako kide bat salatu du fogarik izan gabe, ustez "bere ohorea zikintzen duten margoketak egiteagatik".