:: FEMINISMOA

“Ezin badugu egin dantza, hau ez da gure iraultza!”

Topatu | 2017-09-02
Euskal Herriko hamaika txokotatik heldu dira emakume gazteak Otaza auzoko Garaion Sorgingunera (Araba). Lau egunez elkarrekin sortzeko, hausnartzeko, gozatzeko eta konspiratzeko gunea izango da Ozaetako kanpalekua; horixe baitute helburua Udaleku Feministek: Euskal Herriko neska gazteen sarea osatzea.


ASTELEHENA

Balorazioari ekin diote udalekuetako azken egunari hasiera emateko. Talde txikitan, udalekutan egon den giroa izan dute hizpide, eta hobetze aldera proposamenak luzatzeko tartea ere zabaldu dute. Udalekutan ikasitakoa eguneroko bizitzara eramateaz hitz egin dute ondoren. 

Hemendik aurrera gazte udaleku feministek izan dezaketen ibilbidea ere izan dute mintzagai. Abenduan asanblada irekia egitea proposatu da, hurrengo udalekuak antolatzen hasteko. 

Kanpinak desmuntatu eta guneak garbitu dituzte taldeka. Bazkariaren eta kafearen ondoren, 17:00tan itzuli dira Garaiongo Sorgingunetik.


IGANDEA

Larunbat gaueko ajeak alde batera utzi eta gosarian hartu dituzte indarrak emakume gazteek. Ondoren, yoga eta meditazioa izan dituzte Garaiongo Sorgingunean. Izan da gitarra hartu eta kantuan jarraitu duenik ere. 

Bazkalostean, egitarauaren inguruan proposamenak luzatu eta arratsaldeko tailerrak zehazteko tartea hartu dute. Aurreko egunetan amaitu gabe geratutako tailerrei jarraipena eman diete arratsaldean. Auzolana, zumitza erabiliz egurrezko estrukturak egiteko tailerra, zirko tailerra edo kafe tertulia izan dira, besteak beste. 

Bertso saio musikatuak giro ederra sortu zuen gauean. Akelarrea egin dute ondoren Garaiongo Sorgingunean, eta suaren inguruan amaitu dute igande gaua.

LARUNBATA

Jantokian gosari ederra egin ostean eman diote egunari hasiera. Goizean zehar tailer, jolas eta dinamika andanaz gozatzeko aukera izan dute emakume gazteek Garaion Sorgingunean: buruberokiak egiteko tailerra, arteterapiaren bidez ahalduntzea lantzeko ariketak zein zumitza erabiliz egurrezko estrukturak sortzeko ikastaroa. 

Beste batzuk, nahiago izan dute ingurua ezagutu eta lakura sorgin ibilaldia egin. Bertan, jolasa eta aldarrikapena uztartuz, ginkana feminista egin dute. Ez da irririk eta dantzarik falta izan. 

Bazkaldorduan elkartu dira berriz guztiak. Indarrak hartu eta zumba saioa izan dute ondoren. Otazan ireki berri duten arto labirintoan sartzeko aukera ere izan dute. 

Eguna amaitzearekin batera heldu da hotza Sorgingunera. Bertxortan emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute iluntzean, eta mikro irekiarekin amaitu dute eguna.


OSTIRALA

Dozenaka lagun heldu dira eguerdirako, eta patxadaz ekin diote kanpalekua atontzeari. Ondoren, harrera egin diete antolatzaileek. Bazkalostean, ordea, 100 lagunetik gora elkartu dira emakume gazteen lehenengo asanbladan. 

Zer da gaztea izatea? Zer da emakumea izatea? Eta zein dira emakume eta gazte izanda, gure kezkak? Galdera horien inguruan hausnarrean aritu dira bertaratutakoak, eta emakume gazte gisa bizi dituzten zapalkuntzak identifikatu dituzte. Sistema heteropatriarkalak eta heldu botereak egunerokotasuneko zenbait esparrutan zein nolako eragina duen ikusi ahal izan dute horrela: harremanetan, jai espazioetan, kalean, lan munduan, herri mugimenduetan… ugari baitira sistemaren ertzak. 

Desheterotzea, zinema, postpornoa… nahi adina dinamika izan dituzte udalekuetako parte hartzaileek, baita lasai antzean lagunekin eta ezagutu berriekin solasean aritzeko astia ere. 

Afalostean, Mor Moreren kontzertuak goxatu ditu Sorginolako bazterrak. Sorginolan elkartutako emakume gazteek barrua bero dute datozen egunetarako. Argi adierazi zuten dinamikaren berri ematerakoan: “Lehen sutan geunden, orain su emango dugu”.