:: HEZKUNTZA

Milaka ikasle mobilizatu da hezkuntza sistema propioaren alde

Topatu | 2016-03-17
Izaera desberdina izan dute tokian-toki egindako asanblada, tailer eta protesta ekintzek. Iruñean eta Gasteizen istiluak sortu dira Poliziaren eta gazteen artean, eta denera hamabi ekintzaile atzeman ditu Ertzaintzak.

Zapalduen eta askapenaren mesedera egongo den hezkuntza eredua eraiki ahal izateko, Ikasle Abertzaleek ezinbestekoa ikusten dute LOMCE, EU2015, 3+2 edota frantziar Gobernuak Ipar Euskal Herriko eskoletan inposatzen duen hezkuntza eredua apurtzea. Ez dute jasotzen duten hezkuntza formala beste inoren esku utzi nahi, eskua hartu nahi dute sistema herritarren mesedera jartzeko eta herritarren beharrak asetzeko. Horretarako, alternatiba errealak eraiki eta gaurdanik martxan jartzeko apustua egin dute, eta gaurko eguna inflexio puntu bezala markatu; ikasgelak hustu eta kaleak hartu dituzte milaka ikaslek.


BAIONA

Herriko Etxearen aurrean bildu dira Bernat Etxepare lizeoko ikasleak, baxoa azterketa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. 100 lagun inguru bildu dira elkarretaratzean, eta dantza eginez eman diote amaiera mobilizazioari. Irudi bateratua eman nahi izan dute gaur, euskal hiztun eta euskal ikasle gisa pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzeko. Jakinarazi dute Baxoa Euskaraz dinamikatik Frantziako Estatuak inposatutako hezkuntza sisteman eragin nahi dutela, zapaltzailea delako berez. Uste dute baxoa ezinbestean frantsesez egitera behartzea euskal ikasleak alineatzeko modu bat dela, eta borrokarako konpromisoan berretsi dira: "Ez dugu etsiko eskola euskalduna, parekidea, eduki propioak landuko dituena eta baldintza duinetan gauzatuko dena eraiki arte".


BILBO

Bizkaitarrek Termibusen zuten hitzordua jarrita 11:30ean, eta zuzenean abiatu dira San Mameseko Ingeniaritza fakultatera.  Astelehenean Ertzaintzak indarrez kanporatu zituen bertatik Herri Unibertsitatea aurrera eramaten zeuden ikasleak, eta gertaera hori salatzeko "okupatu" dute hezigunea. Minutu batzuk lehenago, San Mameseko ikasleek agerraldia egin dute asteleheneko gertaerak salatu eta ikastetxeko zuzendaritzaren zein Ertzaintzaren jarrera salatzeko (ikusi bideoa hemen). Espazioa hartu eta tailerrak egin dituzte bertan: hezkidetza, beldurra, pedagogia, okupazioa, Herri Unibertsitatea eta LOMCE desobeditu. Lan-saioak amaitu ostean, eserialdi bat egin dute Hezkuntza Delegaritza aurrean, errepidea moztuz. Ertzaintza gerturatu den arren, ez da istilurik izan.



DONOSTIA

Ibaetako Campuseko aulariotik hasi dute manifestazioa milaka ikaslek. Unibertsitateko, Lanbide Heziketako, Batxilergoko eta DBHko ikasleak bildu dira protestara. Antiguo auzoa zeharkatu dute oihu eta aldarrikapen artean; kapitalismoaren eta erreformen aurkako margoketak egin dituzte banketxeetan, eta hezkuntza sistema propioaren aldeko pankartak eskegi dituzte bidean zehar. Hiri erdialdea igaro eta Bulebarrean amaitu dute mobilizazioa, ikasleak borroka egiten jarraitzera eta konpromisoak hartzera deituz.



GASTEIZ

Goizean goiz hasi dira mobilizatzen Gasteizko Campuseko ikasleak. Piketeen bidez fakultate guztiak ixtea lortu dute. Ertzaintzak, inguruan bueltaka egon den arren, ez du eskua hartu piketeen amaiera arte. Hainbat ikasle identifikatu du, eta momentu horretan hasi da berotzen giroa. Campuseko zutabea Andre Mari Zuriaren plazara abiatu da, eta manifestazio orokorrak hamar minutu besterik ez du iraun. Ertzaintza manifestarien aurka oldartu da, eta istiluak Alde Zaharrean zehar zabaldu dira. Poliziak zortzi gazte atxilotu ditu modu bortitzean, eta horietako bat erietxeratu egin dute buruko traumatismoarekin. Ertzaintzak izan duen jarrera eta atxiloketak salatzeko arratsaldeko 18:00etan gazte andana batu da Andra Mari Zuriaren plazan. 

IRUÑEA

Gaua unibertsitatean pasa dute NUPeko ikasleek, eta piketeekin ekin diote egunari goizean goiz; jarraika izan dute denbora guztian segurtasun indar pribatua. Hezkuntza ertaineko ikastetxeetan, aldiz, herri eskolak egin dituzte goizean. Eguerdian egin dute bat guztiek, mobilizazio orokorrean. Zutabeak egin dituzte bertara joateko, eta Sakanakoak autobusez joan dira Iruñera. Manifestazioa hasi aurretik azpimarratu dute ikasleek paper garrantzitsua jokatzen dutela hezkuntza sistema eraldatzeko, eta botere hori sortzea beraien esku dagoela. Aldarri horrekin hasi dute martxa, eta nahiko lasaia izan da Sarasate pasealekura heldu arte. Margo gorria bota dute banketxeetara, eta manifestazioa amaitutakoan Alde Zaharrera mugitzen hasi dira ikasleak. Une horretan, Espainiako Polizia Nazionalak neska bat geldiarazi eta paretaren aurka jarri du. Miatu ostean furgonetan eraman du, eta hortik aurrera istiluak izan dira ikasleen eta Poliziaren artean. Guztira lau ikasle atxilotu dituzte.


IKASLE ABERTZALEAK ANTOLAKUNDEAREN BALORAZIOA

Gaurko mobilizazio egunaren inguruko balorazio-oharra zabaldu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Egungo hezkuntza ereduarekin eta erreformekin apurtzea eta herriaren mesedetara egongo den hezkuntza eredua eraikitzea ziren gaurko egunaren helburuak. Etsaiak horren aurrean “errepresioaren bidea” aukeratu duela salatu dute. 

Iruñean Herri Eskola jendetsuak burutu direla adierazi dute. NUPen antolatutako itxialdiaren ondoren ikasleak mobilizatzera deitu dituzte eta manifestazioa amaitu ondoren Polizia Nazionala ikasleen aurka oldartu eta lau ikasle atxilotu dituztela salatu dute. 

Donostiako manifestazioa “azken urteotako jendetsuena” izan dela azpimarratu dute. Ibaetan zegoen Europako bandera kendu dute zenbait ikaslek, “bizitzako arlo guztiak merkantilizatu nahi dituztela” salatzeko. 

Bilbon aldiz, manifestazioan bildutako ikasleek Ingenieritza Fakultatea okupatu dute, astelehenean Herri Unibertsitatea burutzen ari zirela Ertzaintzak desalojatu zituztela salatzeko. “Erasoa ikasle guztien kontrakoa” dela azpimarratu dute eta “hezkuntza ereduen arteko talkak” argi utzi dituzte, hainbat tailer antolatuz: LOMCEri desobedientzia, pedagogia askatzailea... 

Gasteizen, Farmaziako Fakultatea izan ezik beste guztiak itxita egon direla adierazi dute. Hiriko heziguneetatik zutabeak irten eta manifestazio nagusiarekin batu dira milaka ikasle. “Miseriara kondenatzen dituzten multinazionalak” zeintzuk diren argi utzi nahi izan dute bertan. Zortzi izan dira Ertzaintzak atxilotu dituen ikasleak. 

Baionan, Baxoa Euskaraz taldeak mobilizazioarekin bat egin eta Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea deitu eta dozenaka ikasle bertaratu direla adierazi dute. 

Herrietan (Orereta, Lizarra, Beasain, Laudio...) Herri Eskolak, asanbladak eta ekitaldiak burutu direla azaldu dute, tokian tokiko errealitatea kontuan hartuz. Nafarroan adibidez, Nafar Gobernuari interpelazio zuzena eginez. 

Datozen egunetan balorazio sakonagoa egingo dutela azpimarratu dute, “PNV, PP eta indar polizialen errepresio kasu bortitzak” salatuz.


Kontzentrazioak

Goizeko atxiloketak salatzeko kontzentrazioak egin dituzte Gasteiz eta Iruñean.




ARGAZKI BILDUMAK

(Klikatu herri/hirien izenetan)

             BAIONA                              BILBO

    

             DONOSTIA                        IRUÑEA

    




MOBILIZAZIOAK HERRI ETA ESKUALDEETAN