:: HEZKUNTZA

Prekarietateak gazteengan dituen eraginak aztertzeko aukera izango da UEUren Udako Ikastaroetan

Topatu | 2019-06-13
UEUren Udako Ikastaroean egingo diren ikastaroak aurkeztu dituzte, tartean, Ernairen eta Ipes-en eskutik egingo den ‘Prekarietatearen eragina gazteongan: parte-hartze politikotik bizi ikuskerara’.

Eibarren, ekainaren 28an egingo da ikastaro hau iazko urtean egindako ‘Gazteak: parte-hartze politikotik boteretzera?” ikastaroari jarraituz: “Saio horretan gazteriak egungo testuinguruan subjektu bezala dituen potentzial eta arriskuak mahaingaineratzea genuen xede, gazteriak pairatzen duen problematika komunari boteretze prozesuen bidez nola erantzun dakiokeen aztertuz.”

Gazteek egun bizi dituzten bizi baldintzek eta prekarietateak bizi-ikuskera, eta parte hartze politiko zein boteretzerako estrategia kolektiboak erabat baldintzatu eta eraldatu dituztela, uste dute eta baita testuinguru politikoan ematen ari diren aldaketa sakonek ere.

Ikastaroaren helburuak beraz, alde batetik gazteriak pairatzen duen prekarizazioa zein elementuren bueltan egituratzen den aztertu, eta honek gazteon bizi-ibilbidean eta parte-hartze politikoan duen eragina aztertzea da eta ikuspegi propioa garatzea eta plazaratzea. Bestetik, prekarietateari aurre egiteko gazteriak garatzen dituen tresnak ezagutarazi eta aztertuko dituzte eremuz eremu: praktika ezberdinen arteko ezagutza eta eztabaida bultzatzea, oinarri komunak identifikatu eta aurrera begira gazteen prekarietatearen aurka jarduten dutenen artean sinergiak bultzatzea…

Parte hartze politikoa modu zabal batean ulertzen dutela-eta, gazteriaren antolakuntza espazioei erreparatu behar zaiela azadu dute Ernaiko kideek; nagusiki Gazte Mugimenduei: “Gazte Boterearen bueltan hausnartuz eman diogu jarraipena bi urte hauetan, horiek elkarlanean ekoitzitako 'Pitzatu. Gazte Boterez Euskal Herria eraiki” liburuxkan jasoz'. Horrela beraz, ikastaroa batez ere, Gazte Mugimenduan zein bestelako esparruetan gazte prekarietatearen kontra aritzen den gazteei zuzendua dagoela azaldu dute: feministak, sindikalgintzako kideak, ikasle mugimendua…

Izena ematea irekita dago webgunean eta egitaraua ere aurkezktu dute.