:: PREKARIETATEA

Prekarietatearen aurrean, ofentsibara jauzi egin eta antolatzeko beharra aldarrikatu du Eraginek

Topatu | 2019-11-29
Manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean Bilboko kaleetan Eragin gazte prekarioen asanbladak deituta. "No es lo que hay" lelopean gazteei prekarietatearen aurkako borroka egiteko dei egin nahi izan dute antolatzaileek. Manifestazioaren amaieran asanblada orokor bat iragarri dute.

Eraginek deituta, ehunka gazte atera dira Bilboko kaleetara ofentsiba prekarietateari "haginak erakustera". Azken urteetan ofentsiba neoliberalak prekarizazio prozesua azkartu duela azaldu dute Eragineko kideek eta horrek ondorio "dramatikoak" sortu dituela: lanaldi amaigabeak, partzialitatea, soldata miserableak, kontratu eta konbenioak. ez betetzea... Halere, gazteak kalean eta borrokan direla azpimarratu  dute: "Eraginek denbora zeraman gazteok kalera atera behar genuela esaten, "bere gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia". ezin zelako egoera honen aurrean isilik geratu. Lortu dugu, gaur gazte langileok argi eta garbi esan dugu: NO ES LO QUE HAY!" 

Gazteen egoera prekarioaren atzean sistema kapitalista heteropatriarkala dagoela salatu du Eraginek. "Oasirik" ez dagoela esan dute eta politikariek Bilbon sustatzen ari diren hiri eredua ere kritikatu dute; hala nola, BBK Live bezalako jaialdiekin. Bitartean, gainera, Glovo, Deliveroo eta Uber bezalako enpresei "alfonbra gorria" jartzen ari zaiela argudiatu dute edota ostalaritzan gertatzen diren gehiegikerien aurrean ahoa itxi egiten dutela instituzioek. Apustu etxeek aisialdi ereduaren arriskuak ere izan dituzte gogoan.


Azken hilabeteetan garatzen ari diren borroka sozialak jarri dituzte balioan: pentsiodunen mugimendua, mugimendu feminista, larrialdi klimatuaren inguruko mobilizazioak, langileen grebak... Bizkaiko Metalgintzako langileak zoriondu dituzte, aipamen berezia eginez. 

Borroka eta antolakuntzaren beharra azpimarratu dute amaitzeko. Eta Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean ospatuko den Greba Orokorrerako deia liuzatu diete bertaratutako gazteei: "Gazteok gaur lo ez gaudela erakutsi dugu. Garai historiko honetan lehen lerroan egoteko hautua egin dugu eta aipatutako sektoreekin batera borrokatzeko sekulako aukera dugu".

Manifestazioaren amaieran asanblada orokor bat egingo dutela ere iragarri dute, datarik zehaztu gabe.

ARGAZKI GALERIA