:: HERRI MUGIMENDUAK

Turismo ereduaren aurkako manifestazioa egin dute Turismoaren Goi Bileraren azken egunean

Topatu | 2018-05-25
BiziLaguEkin plataformak deituta manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Donostiako kaleetan, turismo ereduaren inguruko hausnarketa eskatuz, Bizitza Da Handiena dinamikaren zazpigarren egunean.

Bizitza Da Handiena dinamikaren zazpigarren eguna izan da gaurkoa, eta eguerdian hasi da Groseko anbulategiaren aurrean, preso gaixoen etxeratzearen alde LAB sindikatuak deituriko enkarteladarekin. Ondoren bazkaria egin da Herritarron Etxean, eta arratsaldeari Askekintzak eskainitako "Antiespezismoa, gainontzeko animaliak kontuan hartzen" hitzaldiarekin. 

Gaurko asanblada 17:30tan egin dute Saguesen, hain zuzen 18:30tan manifestazioa baitzeukan deituta bertatik BiziLagunEkin plataformak. Alde zaharretik "Hotel+Ez" zutabea iritsi ondoren abiatu da manifestazio jendetsua, "Donostia herritarrona da" eta "Herria bizitzeko, ez espekulatzeko" oihu artean. Aldarri asko ikusi ahal izan dira manifestarien artean, hala nola, "Metroari Stop", "Hotel+Ez" edo "Hau ez da turismoa, inbasioa da". Zurriolako pasealekua gurutzatu ondoren jendea Kursaalaren aurretik Munduko Turismoaren Goi Bilerari txistuka pasa da. Musika eta oihu artean iritsi da manifestazioa alde zaharrera, turismo masiboak gehien eragin duen auzora. "Hotel+Ez" pankarta zabaldu dute balkoi batetik, eta Bulebardean amaitu da protesta. Bertan, BiziLagunEkin plataformak turismo eredu basatia salatu du, besteak beste honek etxebizitzaren prezioan, bertako komertzioan, kulturan, espazio publikoaren erabileran edo euskaran daukan eraginari erreferentzia eginez.


21:00etan Libre dinamikak deituta mozal legearen aurkako lasterketa egingo da Bulebardetik Antiguora, eta gauerako Fan Hemendik festa antolatu dute.


Argazki galeria